domingo, 2 de junio de 2013

Maiatzeko hiru oin

Deskuidatu dugu apur batean bloga; baina ez gara geldi egon.
Maiatzean zehar, Zizurkilen, Burladan eta Gernikan izan gara. Hiru herri, hiru plaza eta hamaika oin. Zizurkil goiko frontoian izan genuen hileko lehen zita. Frontoiak, bertso plaza izan badira, dantza plaza ere badira eta guri, ezin egokiago prestatu ziguten. Gaueko ilunean, frontoiak ere ez zuen frontoi itxura kasik. Bertan ez zen pelota hotsik. Oinak ziren bertako zoruan kolpeka. Frontoia bete zen, giro beroa eta bildua izan zen bertan. Facebooketik banatutako sarrerak lortu zituenarekin ere argazkia atera genuen... baina Zizurkilgo antolatzaile , adiskide eta ederki zaindu gintuena ere...


Burladatik ere jaso genuen deia. Orain arte egindako bide luzeena izan da eta bertako oholtzan ere jarri genituen gure izerdi oinak. Emanaldi hau sortu genuenean, leku guztietan dantzatzeko prest geunden. Burladako karpa txikian ere, ederki moldatu ginen. Plaza berrietan ere, bertsoak bezala, badutelako oinek bere lekua. Burladan arrastoa utzi genuen ez dakigun arren, markatuak egin genuen bertatik buelta.


Gernikako lizean izan zen maiatzeko azkena, maiatzeko azkenean. Bizkaiko herri eder honetan ere izan genuen gure emanaldia eskaintzeko aukera. Enbeitatarren herrian, Urdaibaiko bihotzean, Arbolaren itzalean...eta batipat, bertaratu zirenen bihotzetan errimak zintzilikatzen jartzen saiatu ginen.


Burlada eta Gernikako emanaldietan, Iker jardun zen Gotzonen ordez. Teknikari lanak ere, Amaiur eta Anne jardun ziren. Taldea osatuz eta sendotuz doan seinale. Finean, emanaldiarekin leku guztietara iritsi nahi dugu eta talde sendoa izanda bermatu genezake hori.

Maiatza betea izan dugu, baina ekaina ere halatxu datorkigu. Zai ditugu Donostia (Antiguo), Bilbo (Gau zuria) Urrestila, Oiartzun, Areso, Aduna, Bilbo, Luhuso...

No hay comentarios:

Publicar un comentario